Olarainen 25 urte ospatzen ditugu: familia sentitzen den komunitate baten berrelkartzea.
Ospakizun batzuk gonbidatu kopuruaren arabera neurtzen dira, eta beste batzuk besarkaden intentsitatearen arabera. Apirilaren 25ean Olarainen bizi izan genuena bigarrenena izan zen, dudarik gabe. 350 pertsona inguru bildu ginen gure terrazako karpa azpian gure 25. urteurreneko kandelei putz egiteko, autentikotasunez eta maitasunez beteriko festa batean.
2001ean Donostiako Antigua auzoan ateak ireki genituenetik, Olarain 2.300 unibertsitario eta kirolariren bizitokia izan da. Baina zifrek ez dute benetako historia kontatzen, ospakizunean entzuten zen hura, urteak ziren elkar ikusi ez zuten egoiliar ohien barre-algaretan eta hazten ikusi zituzten langileekin partekatutako pasadizoetan.

“Magiaz” beteriko berrelkartzea
Giroak ospakizunaren eta nostalgiaren arteko nahasketa ezin hobea sortu zuen. Sharma Cateringen afari bikainaz eta musikaz gozatzen ari ginela, denboran bidaiatzera eraman gintuzten bideoak proiektatu genituen: eraikinaren lehen lanetatik hasi eta gaur egun unibertsitate-egoitza honetako korridoreetan dagoen eguneroko bizitzaraino.
Gure zuzendari Idurre Altunarentzat, jardunaldia zurrunbilo emozional bat izan zen. “Niretzat maitasun eta adiskidetasun handiko topaketa izan zen, eta duela urte batzuk ikusten ez nituen egoiliarrekin pasadizoak bizitzekoa”, azaldu du Idurrek. “Jendea disfrutatzeko eta partekatzeko prest zegoela sentitu nuen; niretzat zerbait magikoa izan zen”.

Belaunaldiak lotzen dituen hari ikusezina
Olarain proiektu ausart eta abangoardista izatetik, Donostian erreferente diren ikasle eta kirolarientzako ostatu izatera pasa da. Baina bide horretan, baliotsuena giza-posoa izan da. Javier Marín, Egoiliarren Zuzendariak zehaztasunez definitzen du: “OLARAIN ez da ostatu bat bakarrik, istorioak gurutzatzen diren leku bat da, eta harresietatik haratago doan zerbait eraikitzen da. 25 urte ospatzea bide hau posible egin dutenak ospatzea da”.

Javierrek herentzian jasotzen den pertenentzia sentimendu hori azpimarratzen du: “Zu baino lehen hasi eta ostean jarraituko duen zerbaiten parte zarela ulertzea zentro honen opari handienetako bat da. Belaunaldiak lotzen dituen hari ikusezin hori da gure altxorrik handiena”. Hari horrek AEB, Japonia, Ghana edo Alemania bezalako toki urrunetako egoiliarrak batzen ditu, gure aniztasuna gure indargune handienetako bat dela gogoraraziz.
Izen propioko omenaldiak
Arrasto ezabaezina utzi dutenei begietara begiratzeko ere balio izan zuen gauak. Mikel Casal ilustratzailearen oroitzapenezko artelan bat eman genien gure DNAren parte diren pertsonei:
- Olaraingo enpresa akziodunei.
- Luis Javier Martínez Múgicari, gure lehen langileari, bere bizitzako 24 urte eskaini baitizkigu.
- Jorge Vitorica, egoiliarrik beteranoena (11 urte etxe honetan), eta Elena ezagutu zuena Olarainen.
- Real Sociedad Fundazioari, 2001etik elkarlanean gabiltzalako.
- Campos Bueno familiari, bere leialtasunagatik.
- Mikel Casal ilustratzaileari eta Guinaba enpresako Ramon eta Ikerri
- Franz eta Rose Gastler-ek ordezkatzen duten Yuwa GKEari, Indian neskatilak ahalduntzeko proiektuak hunkitzen jarraitzen baitu.

Eta, jakina, ezin falta zitekeen brindisa egon zen. Orain dela gutxi hil den Paco Marínen aldeko topa, Olarainen alma mater-a izan zena. Bere seme Javierrek ondo esaten duen bezala: “Nire aitaren falta sumatu nuen, pertsona horiek guztiak ikusteaz harro sentituko litzatekeena. Haren izpirituak eta bizitza ulertzeko moduak presente jarraituko dute Olaraingo txoko bakoitzean”.

Haziz jarraitzeko behatu
Olaraingo taldea osatzen dugunontzat, introspekzio unea izan da urteurrena. Igor Urbizuk, Olaraingo Psikologo eta Tutoreak, postu guztietatik pasatu izanak ematen duen behaketatik bizi izan zuen, harreratik tutoretzaraino: “Asko gozatu nuen berrelkartzeetan eta, batez ere, egoiliar ohi bakoitzaren lan eta pertsonal ibilbideak ezagutu ahal izatean. Oso berezia izan zen gonbidatuen osotasuna ikustea; egoiliarrez gain, Olarainen ibilbideari zentzua ematen dioten pertsonak eta erakundeak ere bazeuden: Yuwa, Biziraun, inguruko unibertsitateak, hornitzaileak, Real Sociedad Fundazioa eta nire kideak.”

Etorkizunari begira
25 urte betetzeak berrikuntzak egiten jarraitzera bultzatzen gaitu, hasierako ilusio berarekin. Harrera eta laguntza pertsonalizatuko eredu baten alde egiten jarraitzen dugu, autentikotasunetik eta gertutasunetik, eta jasangarritasunarekiko eta bikaintasunarekiko konpromiso sendo baten alde.
Eskerrik asko erakunde sortzaileei, Ekintza Fundazioari eta PBP Olaraini, unibertsitateei, EHUri, Tecnun-i, Deusturi, Musikeneri, Mondragon Unibertsitateari eta leku hau bere etxea egin duen egoiliar bakoitzari.
Olarainek 25 urte bete ditu, baina onena da hau hasiera baino ez dela.



